Troiako hiri handia errautsetan geratu zen, akaiarren Zaldi
erraldoiaren hankapean errendituta. Troiako harresien gainetik
suntsiduraren azken suak artean itzali gabe zirela, Ulises,
beste hamabi ontzirekin batera, Itakako bidean jarri zen. Baina
ekaitz izugarri batek etxerako bidetik urrundu zuen Ulises,
eta itsasoko ur eta lur gupidagabe bezain arrotzetan ostatu
hartzera kondenatu. Paisaia horretan, gizakion edo mundutarron
mugaz harantzago ordurako, gertatzen dira Ulisesen abentura
paregabeak: Kalipso eta Zirtze erdi-jainkotiar eta emakume liluragarriena,
Polifemo begibakarraren eta lestrigoniarren pareko munstro haragijale
beldurgarriak, itsas-lamien kanta xoragarria edo hildako itzalen
erresumako (Hades) joan-etorria. Grekoen kasuan bezala, gure
irudimen munduan ere, leku berezia dute Peneloperen irrikitan
afanatu ziren ezkongaiek, hogei urte igaro arren bere nagusia
usnatu ondoren Heriok betiko eraman zuen Argos txakurra, Telemako
ausart, baina artean gaztearen, nahi eta ezinak, Ulisesen mendeku
errukigabea... Abenturaren erresuman gaude bete-betean. Narrazio
petoaren gailurra da liburu hau. Ulisesen aspaldiko ibilera
haiek mendez mende hutsik egin gabe hunkitu dituzte entzule
eta irakurleak. Mendebaldeak eman duen abenturazko eleberririk
zoragarriena da.